Zeberioko Sukaldezientzia tailerrean parte hartu duten gazteek Maskilu kontserba-enpresa bisitatu dute. Tailerrean, Maskilu enpresara joan aurretik bisita prestatu dute, besteak beste, halako enpresek erabiltzen dituzten zientzia eta teknologiak aurretiaz landuz. Enpresa bisitatzerarekin batera, bertan lan egiten duten profesionalak ezagutu dituzte eta euren jarduna bertatik bertara ezagutu dute.
Maskilu Kontserbak Zeberion dagoen irabazi-asmorik gabeko elkartea da, elikagaiak transformatzeko sortua. Bere helburu nagusienetako bat, Zeberion kontserbera kolektibo bat sortzea da, eskualderako ere tresna baliagarria bilakatu daitekeena, eredu industrialetik aparte, baserritar eta agroekologikoa den ikuspegitik eraldaketarako espazioa eraikiz.
Izan ere, Nerbioi-Ibaizabaleko zientzia eta teknologia tailerren xedeetako bat inguruko enpresa eta ikerketa-zentroak ezagutzea da. Halako bisitetan, gazteek tailerretan ikasten dituzten edukiak profesional mailan nola jartzen diren praktikan ikusten dute. Gainera, STEM profesionalekin harremanetan jartzeko aukera paregabea da. Hau da, eskualdeko jarduna ezagutu eta STEM bokazioak pizteko helburua dute enpresetara egiten diren bisita hauek.
Halako bizipenak oso garrantzitsuak dira gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzeko, zientzia-kapitala deritzona handitzen delako. Zientzia-kapitala persona bakoitzak zientziarekin duen harremana eta konpromisoaren neurria da, eta ikerketek erakutsi dute zientzia-kapitala handia duten gazteek, etorkizunean alor horretako ikasketak hautatzeko aukerak gehiago dituztela.